Ikastetxeko Irakurketa Plana ikasleen irakurketa-gaitasuna hobetzeko da, batez ere, baina ahozko komunikazio-gaitasuna, hitzik gabeko komunikazio-gaitasuna eta komunikazio-gaitasun digitala lortzeko lagungarri ere bada, ulermenezko ekintzak estu lotuta baitaude beste hizkuntza-gaitasunekin eta elkarri eragiten baitiote: irakurri egiten da eta gero idatzi, irakurritakoari buruz hitz egiteko irakurtzen da, ahozko aurkezpena prestatzeko irakurtzen da… Gainera, irakurketaren gainean irakasleek nahiz hezkuntza-komunitateko gainerakoek egiten duten lana gidatzeko balio behar du.
ARDATS NAGUSIAK ETA EKINTZAK
Ikastetxeetan irakurketaren inguruan egiten den lana hiru ardatz nagusitan bana daiteke: irakurtzen ikastea (irakurtzeko gaitasuna garatzea), ikasteko irakurtzea (irakurketa ezagutzaren garapenerako eta ikaskuntzarako funtsezko tresna gisa) eta irakurzaletasuna (irakurtzeko zaletasuna garatzea).
IRAKURTZEN IKASTEA
Irakurtzen ikastea irakurtzeko gaitasunak garatzea da, irakurketaren oinarrizko trebetasun funtzionalak eskuratzera iristea. Irakurketarako ezinbestekoa da, alde batetik, hitza antzematea (deskodetzea) eta, bestetik, esanahia identifikatzea (ulertzea).
Irakurtzen ikastea funtsezko trebetasuna da eskola-adinean daudenentzat, eta oinarrizko gaitasun bat egungo kultura letratuan eta mundu globalizatu garaikidean. Irakurketa gaitasun konplexu bat, eta askotariko prozesu mentalek esku hartzen dute ekintza horretan –prozesu psikologikoek (pertzepziozkoek, prozesamendu lexiko, sintaktiko eta semantikoek) eta jakintzek (fonologiko, ortografiko, sintaktiko eta semantikoek, testu- eta testuinguru-jakintzek)–, idatzizko informazioaren esanahia atera eta interpretatzeko.
Mundu letratu batean bizi gara; beraz, pertsona bat sortzen denetik, inprimatutakoa ezagutu behar du. Hau da, beharrezkoa da testuari buruzko eta testuaren eta formaren, funtzioaren, euskarriaren eta idazkeraren arteko erlazioari buruzko ezagutzak barneratzea.
Irakurtzen nahiz idazten ikastea bost zutabe hauen gainean eraikitzen da:
IKASTEKO IRAKURRI
Irakurketa ulerkorraz ari gara atal honetan. Ikasteko eta ezagutza garatzeko, funtsezko baliabidea da irakurketa, bai eskola barruan, bai eskolatik kanpo.
Ikastetxean, arlo, eremu eta ikasgai guztietan, oso kontuan hartu behar dira irakurketa-estrategiak eta prozesuen ezaugarriak eta horien lanketa espezifikoa bideratu, ikasleak askotariko testuak, askotariko formatutan irakurtzeko gauza izan daitezen eta informazio espezifikoa eskuratzeaz gain, zentzu orokorra antzeman, testuaren gaineko inferentziak egin eta edukia eta forma modu kritikoan aztertzeko gauza izan daitezen. Hau da, irakurle konpetenteak bihur daitezen.
Atal honetan, testuak ulertzen laguntzeko zenbait gako metodologiko eskaintzen dira eta horiez gain, irakurketa-estrategiak eta irakurketa-prozesuak lantzeko eta ebaluatzeko adibideak biltzen dira. ´Horiek guztiak, egoera eta testuinguru esanguratsuen baitan, ikasleek jorratu behar dituzten testu anitzetan aplikatu behar dira; betiere, irakurketaren garapena ahalbidetzen duten proiektu eta jardueretan txertatuak.
Eskola barruan, bestalde, liburutegiak/mediatekak berebiziko garrantzia hartzen du informazio-baliabide asko, euskarri anitzetan biltzen baititu. Ikasten ikasteko helburuari begira, ezinbesteko tresna da eta ikasleek egoki erabiltzen ikasi behar dute.
IRAKURZALETASUNA
Era askotako testuak gero eta modu autonomoagoan eta askotariko helburuekin irakurtzeko ohitura sustatzea da irakurzaletasunaren xedea. Irakurtzeko plazerean hezi behar ditugu ikasleak, ‘irakurri irakurtzeagatik’, norberaren buruarekin gustura sentitzeko helburuaz egiten den plazerezko irakurketan, jakinik, gainera, irakurzaletasunak ikasleen garapenari ez ezik, eskola-arrakastari ere laguntzen diola.
Irakurtzeko ohitura sendotzea ikasleen heziketaren funtsezko alderdia da; beraz, eskolaren helburuetako bat da eta horretan, familiak eta inguruak ere parte hartu behar dute.